XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) ondoren pausajea arindu zuten ibiltarien joan-etorri sukartsua ikusten.

Korrika, ilean soilune itsusiak zituen zaldi zahar mehe bat igaro zen, fruta-saskiz beteriko gurdi kankailu batetik tiraka, zarata handia eginez gurpilen metalezko bandak galtzadako harzolak jotzean.

Ahots batek gogor urratu zuen orduan kafetegiko giro nahastu eta larritua.

- Non dago justizia?

- Aberria ezin da egon gizatasunaren eta justiziaren gainetik!

Militarra zen oihu egin zuena, kapitaina, bi adinen artekoa; kafetegiko kristalera handiaren ondoan zegoen, zutik, eskua ezpata-kirtenean tinko.

Mugitzen hasi zen, parean topatzen zituen mahaitxoak konturik egin gabe baztertuz, eta kalera irten zen, zerbitzariaren aldamenera iritsi arte; gero, ezpata zorrotik atera eta, une batez eskuan geldi eduki ondoren, bi eskuen artean heldu eta kaleko farola hurbil baten metalezko habearen kontra joka, bitan apurtu zuen.

Ekintza horren ondoren, kaleko ezker alderantz desagertu zen.

Abokatuaren laguntzailea eta beste mutila zurbilduta zeuden erabat.

Bazekiten ordurako hiri osoa asaldatuta zeukan tirokaldi hura Tacóngo kartzelan preso zeuden medikuntza ikasle batzuen fusilamenduarena zela.

- Jainkoa, hil egin dituzte! egotzi zuen Cardosok.

- Ezagutzen nituen; okerrik egin ez, eta fusilatu egin dituzte.

- Jainkoa!

Narváezek isiltzeko keinua egin zion, besoa estutuz batera.

- Ospa egin behar dugu esan zuen.

- Hualde jauna, ez ahaztu aipatu duguna.

- Noizpait elkar ikusiko dugu, beharbada.

Ramón bakarrik geratu zen txokoan, bularra betetzen ari zitzaizkion amorrua eta ezintasuna nola erraldoitzen ziren somatuz.

Azaroko bigarren astean Las Margaritasera itzuli ziren Diego eta Ramón; hiriburuan egindako gestioek ibilbide ezin hobea zeramaten, eta zigarro-fabrikaren eraikuntzari ekiteko aukerarik onena orduantxe zuten, eguraldi lehorra aprobetxatu behar zutelako.

Lantegia etxaldetik ordu erdiko bidera altxatuko zen, bidearen ondoan, oihanean bertan, han egur ugari zegoelako, (...)